3. Giza eskubideak defendatzen dituzten erakundeen inguruko jarduerak
3.1. Herriaren Defentsarien Koordinazioko XXV
Herriaren Defentsaria eta autonomietako ordezkariak biltzen dituzten Herriaren Defentsarien Koordinazio Jardunaldiak eztabaida eta gogoeta foroak dira, erakunde horien funtzionamenduari eta helburuei lotutako interes komuneko gaiei buruzkoak eta Espainiar Estatuko defentsa-erakunde guztiek dituzten arazo sozialei buruzkoak.
Herri Defentsarien Koordinazioko XXV. Jardunaldiak Logroñon egin ziren 2010eko irailaren 27, 28 eta 29an, Errioxako Herri Defentsariak antolatuta. Jardunaldien erdigunea "krisi ekonomikoaren eragina pertsonen eskubideak gauzatzerakoan" izan zen.
Jardunaldi hauetara arartekoa, arartekoaren ondokoa eta erakundearen beste ordezkari batzuk joan ziren. Jardunaldien gaiak aztertzeko egin ziren batzarretan parte hartu zuten.
Elkarrekin egindako gogoeta honen ondorioz, behin betiko ondorioak onartu ziren Herri Defentsarien Koordinazioko XXV. Jardunaldi hauetan.
Era berean, Herritarren Eskubideen IX. Foroa egin zen, krisi ekonomikoari aurre egiteko zailtasun bereziak dauzkaten pertsonen egoera aztertzeko asmoz. Foro honetan, defentsariek eurek ez ezik, Errioxan oso hedatuta dauden estatu mailako zenbait GKEk eta elkartek parte hartu zuten: Cáritas, Cermi, Pentsiodun eta Erretiratuen Elkartea, eta Pioneros Fundazioa besteak beste.
Koordinazioko XXV. Jardunaldi hauek baino lehen hiru tailer egin ziren beste hainbeste herri defentsariren egoitzetan.
Iruñean egin zen tailerrean, Nafarroako Arartekoak antolatua, "Krisi ekonomikoak ekonomi eta lan sektorean duen eragina" eztabaidatu zen. Eztabaida honetan, krisi ekonomikoak langabezi tasa handiko egoera batean duen eragina aztertu zen. Gogoeta hauen emaitzak ondorio oso interesgarriak izan ziren.
Murtzian, bertako Herriaren Defentsariak antolatuta, lan tailer bat egin zen: "Etxebizitza politikak, bizi dugun krisi ekonomikoaren testuinguruan". Batzar honetan zenbait gogoeta eta proposamen planteatu ziren, Espainian etxebizitza eskuratzearekin zerikusia duten arazoei konponbideak eskaini beharrari erantzun ahal izateko.
Azkenik, Aragoiko "Justiziak" tailerra antolatu zuen Zaragozan, "Krisiaren eraginaren bilakaera defentsa-erakundeen jardunean" gaiari buruz. Tailer horretan ondokoak aztertu ziren: krisiak bere jardunean izan dituen ondorioak, beren egoera ekonomikoaren ondorioz defentsa-erakundeetara jotzen duten herritarren ezaugarriak, eta zein gaitan eragiten duten edo ze erantzun ematen duten ordezkariek. Gai hauek aztertu ondoren, ondorioen dokumentua idatzi zen.
3.2. Ombudsmanen Nazioarteko Institutuaren (IOI) Europako Biltzarra eta Batzar Orokorra)
Urriaren 4an eta 5ean Bartzelonan Ombudsmanen Nazioarteko Institutuaren (IIO) Europako Biltzarra eta Batzar Orokorra egin ziren. Europako Biltzar honetara eta Batzar Orokor honetara, Síndic de Greuges de Catalunya delakoak antolatuak, Europa osoko estatuetako, eskualdeetako eta udalerrietako herri defentsariak, IIOko kide direnak, joan ziren.
"Europa: gizarte irekia" izenburuarekin, biltzar honetako parte hartzaileek, bi egunetan zehar, Europan bizi diren etorkinen eskubideen inguruan egiten duten lanarekin zerikusia duten hainbat gai jorratu zituzten.
Biltzarrari hasiera emateko ekitaldian, ondoko hauek izan ziren hizlari: Mats Melin, Suediako herri defentsaria eta IIOko lehendakaria, José Montilla, Kataluniako Generalitateko lehendakaria, P. Nikiforos Diamandouros, Europako herri defentsaria, Thomas Hammarberg, Europako Kontseiluko Giza Eskubideen ordezkaria, eta Rafael Ribó, Síndic de Greuges de Catalunya-ko kide eta IIOko Europako lehendakaria.
Lehenengo egunean, Michel Villanek, Europako Kontseiluko Migrazio Batzordeko lehendakariak, hitz egin zuen. "Europa, gizarte irekia: emigranteak eta eskubideak" izenburua zuen hitzaldia eman zuen.
Gero, lan tailer batzuk egin ziren. Tailer horietako lehenengoan, "Parte hartze politikorako eskubideak, elkartzeko eskubideak, bozkatzeko eskubideak zenbait herrialdetan" izenekoan, hauek izan ziren hizlari: David Moya, Bartzelonako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea, Alex Brenninkmeijer, Herbeheretako herri defentsaria, Catello Aprea, Italiako Basilicata eskualdeko herri defentsaria, Francisco Javier Enériz, Nafarroako Arartekoa, eta Hans Gemmeltoft-Hansen, Danimarkako herri defentsaria.
Bigarren tailerrean, "Umearen eskubideak: hezkuntza, bazterketa eskoletan. Lagundu gabeko adingabekoak" izenburuarekin, hauek izan ziren hizlariak: Ismael Palacín, Bofill Fundazioko zuzendaria, Jane Martin, Erresuma Batuko Toki Administrazioko herri defentsaritzako lehendakariordea, Helena Vera-Cruz Pinto, Portugalgo herri defentsariaren ondokoa, María Jesús Larios, Síndic de Greuges de Catalunya-ren ondokoa haurren eta nerabeen eskubideak defendatzeko, eta Terezija Stoisits, Austriako Herri Defentsaritzako Batzordeko kidea.
Urriaren 5ean lan tailer batzuk egin ziren. Tailer horietako lehenengoan, "Gizarte bazterketa, krisiaren eragina, familiak berriz elkartea, jatorrizko herrialdera itzultzea, emakumeen trafikoa" izenburuarekin, hauek izan ziren hizlariak: Markus González, Espainiako Gobernuko Lan eta Inmigrazio Ministerioko zuzendari nagusia, Gero Storjohann, Alemaniako Parlamentu Federaleko Eskaeren Batzordeko kidea, Guido Schuermans, Belgikako herri defentsaria, Arne Fliflet, Norvegiako herri defentsaria, eta Iñigo Lamarca, EAEko Arartekoa, "Gizarte politikak, bazterketa eta inmigrazioa" izeneko hitzaldia eman zuena.
Bigarren tailerrean, "Integrazioa edo asimilazioa: kultura, nortasuna, harmena eta betekizunak" izenburuarekin, ondokoak izan ziren hizlari: Oriol Amorós, Kataluniako Generalitateko Inmigrazioko idazkaria, Emily O´Reilly, Irlandako herri defentsaria, Jari Pirjola, Finlandiako Herri Defentsaritzako aholkularia, Pere Canturri, Andorrako herri defentsaria, eta Claudia Kaufmann, Zurich hiriko herri defentsaria.
Gero, Tortura Prebenitzeko Mekanismoei buruzko berariazko batzarra egin zen. Hemen, Nazio Batuen Torturaren edo beste Tratu edo Zigor Krudel, Anker edo Iraingarri batzuen aurkako Konbentzioaren Protokoloa (OPCAT) aztertu zen bereziki. Hauek izan ziren hizlariak: Malcolm David Evans, Torturaren edo beste Tratu edo Zigor Krudel, Anker edo Iraingarri batzuen aurkako Nazio Batuen Azpibatzordeko (SPT) kidea, Mauro Palma, Torturaren edo beste Tratu edo Zigor Krudel, Anker edo Iraingarri batzuen aurkako Europar Batzordeko (CPT) lehendakaria, Barbara Bernath, Tortura Prebenitzeko Elkarteko (APT) operazioen arduraduna, Kornelija Marzel, Esloveniako herri defentsariaren ondokoa, eta Miguel Ángel Borja, Mexikoko Tortura Prebenitzeko Mekanismo Nazionaleko zuzendari nagusia.
Biltzarrari amaiera emateko egunean ondoko hauek aritu ziren hizketan: Javier de Lucas, Valentziako Unibertsitateko Zuzenbidearen Filosofiako eta Filosofia Politikoko irakaslea, eta Fernando Mariño, Carlos III Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko irakaslea.
Biltzarra amaitu ondoren, IIOren Batzar Orokorra egin zen. Batzar honetan, IIOren Eginkizunen eta Programen dokumentu bat onartu zen, Zuzendari Batzorderako bi kide berri aukeratu ziren (zehazki Arne Fliflet, Norvegiako herri defentsaria, eta Irena Lipowicz, Poloniako herri defentsaria) eta hurrengo IIOren Europako Biltzarra eta Batzar Orokorra (2014. urtean egingo dena) zein herri defentsarik antolatuko dituen aztertu zen.
3.3. Umeen Defentsarien Europar Sarearen (ENOC) Urteroko XIV. Biltzarra
Urriaren 7an eta 9an, Frantziako Estrasburgo hirian Umeen Defentsarien Europar Sarearen (ENOC) Urteroko XIV. Biltzarra egin zen.
ENOC Europako zenbait herrialde eta eskualdetako umeen defentsariek osatutako sarea da. 1997. urtean sortu zen. Haren helburuak hauek dira: Umeen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Biltzarra aplikatzea, adingabekoen eskubideen alde lan egiten duten kolektiboen alde egitea, estatu kideen artean informazioa eta estrategiak trukatzea eta partekatzea, eta Umeen Defentsaritzako erakundeen garapena sustatzea.
"Umeei entzuten eta beren eskubideen sustapenean eta gauzapenean inplikatzen" izenburuarekin, hiru egun hauetan biltzarreko parte hartzaileek adingabekoen eskubideen alde egiten duten lanarekin zerikusia duten zenbait gai aztertu zituzten.
Hasierako eguneko lehenengo saioan ondoko hitzaldiak eman ziren: "Umeen eskubideei buruzko ikuspegi estrategikoa defendatzen", Maud de Boer-Buquicchioren eskutik, Europako Batzordeko idazkari nagusiaren ondokoa; "Umeen eskubideei buruzko Europako estrategiaren gaur egungo egoera: Europar Batasunaren funtsezko eskubideei buruzko programa", Aurel Ciobanu-Dordearen eskutik, Europako Batzordeko Justiziako Zuzendaritza Nagusiko Batasuneko Funtsezko Eskubideen eta Herritartasunaren Ataleko zuzendaria; "Nazio Batuen Batzordearen papera umeen eskubideen inguruan umeen defentsa-erakundeek aurkezten dituzten mehatxuak borrokatzeko: adingabekoen parte hartzeari buruzko 12. iruzkin orokorraren aurkezpena", Jean Zermattenen eskutik, Nazio Batuen Umeen Eskubideei buruzko Batzordeko lehendakariordea; eta "Nazio Batuen indarkeriari buruzko azterlanaren gomendioak gauzatzea", Marta Santosen eskutik, Nazio Batuen ordezkari berezia Umeen aurkako Indarkeriarako.
Lehen egun horretako bigarren saioan, "Justiziak adingabekoak kontuan izan ditzan Europako Batzordearen jarraibideen aurkezpena" hitzaldia eman zuen Ankie Vandekerckhovek, Europako Batzordeko aholkulari.
Bigarren egunean, lehenengo saioan hitzaldi hau eman zuen ENOCeko aholkularia den Peter Newellek: "Nazio Batuen Umeen Eskubideei buruzko Batzordearentzako komunikazio prozedura sortzen duen aukerako protokolo berria egitearen bilakaera".
Gero, zenbait lan tailer egin ziren. Haietan, umeen defentsa-erakundeen ordezkariek ondoko gaiak aztertu zituzten: indarkeria, osasuna, hezkuntza eta teknologia berriak.
Bigarren egun honetako azken zatia "Adingabekoei entzutearen balioa" izeneko hitzaldiarekin hasi zen, Europako Batzordeko Giza Eskubideen ordezkaria den Thomas Hammarbergen eskutik. Gero, baterako saioa izan zen. Bertan, 15 estatu kideetako adingabekoek proposamenak egin eta iritziak eman zituzten, aldez aurretik lan tailerretan landu zituzten gaiei buruz, eta umeen defentsa-erakundeetako ordezkariek iritzi horiek entzun eta proposamenak eztabaidatu zituzten.
Biltzarra amaitu zen egunean, ENOCek Europako Umeen Defentsa-erakundeak sendotzeko eginiko gomendioak onartu ziren, eta ENOCen Urteko XV. Biltzarrak jorratuko duen gaia aztertu zen. Umeen Defentsa-erakundeen Europar Sareak 2011. urtean egingo dituen jarduerak ere aztertu ziren.
3.4. Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioaren (FIO) XV. Biltzarra eta Urteko Batzarra)
Iñigo Lamarca arartekoa eta Julia Hernández Arartekoaren ondokoa Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioaren (FIO) XV. Biltzarrera eta Urteko Batzarrera joan ziren, Kolonbiako Cartagena de Indias hirian, urriaren 26tik 28ra.
FIO herritarren eskubideak defendatzeko eta babesteko erakundeak biltzen dituen sare iberoamerikarra da. Haren helburu nagusia lankidetzarako foroa eratzea, esperientziak trukatzea, eta Ombudsmanaren figura sustatzea, hedatzea eta sendotzea da. Defentsarien topaketa horretan zenbait gairi heldu zitzaien edizio honetan: errefuxiatuak, emakumezkoen salerosketa eta derrigortutako leku-aldaketak.
FIOren XV. Biltzar honen barnean, FIOko Emakume Sarearen XI. Batzarra egin zen. Batzarraren lelo nagusia "Herritarren segurtasuna. Emakumeentzat seguruak diren hiriak" izan zen. Batzar honen ondorio gisa, Emakumeentzat seguruak diren hiriei buruzko adierazpena egin zen, FIOren XV. Batzar Orokor Arruntean irakurri zena.
3.5. Herri Defentsarien Europako Sarearen VII. Eskualde Mintegia
Azaroaren 8an eta 9an Austriako Innsbruck hirian Herri Defentsarien Europako Sarearen VII. Eskualde Mintegia egin zen. VII. mintegi hau Tiroleko herri defentsariak eta Europako herri defentsariak elkarrekin antolatu zuten. Mintegira herrialde hauetako eskualdeetako herri defentsariak etorri ziren: Alemania, Austria, Belgika, Espainia, Italia, Erresuma Batua eta Suitza.
Mintegia hasteko ekitaldian ondoko hauek parte hartu zuten: Josef Hauser, Tirolgo herri defentsaria, P. Nikiforos Diamandouros, Europako herri defentsaria, eta Herwig van Staa, Tirolgo Eskualdeko Legebiltzarreko lehendakaria.
Lehenengo egunean Anna Gamper irakasleak, Innsbruckeko Unibertsitateko Zuzenbide Publikoko katedradunak, hitz egin zuen. Eskualdeetako herri defentsarien papera aztertu zuen.
Gero, "Europako Zuzenbidearen ezagutza konpartitzen" izenburuarekin, lehenengo saioan ondoko hitzaldiak eman ziren, Iparraldeko Renania-Westfaliako Eskaeren Batzordeko lehendakaria den Rita Klöpperrek gidatuta: "Herri defentsarientzat bereziki interesgarriak diren Europar Zuzenbideko kontuak", Errioxako herri defentsaria den María Bueyoren eskutik; "Herri Defentsarien Europar Sarearen bidez jakintza konpartitzen", Austriar Herriaren Defentsariaren Batzordeko kide den Terezija Stoisitsen eskutik; "Europako Herri Defentsariaren ikerkuntza prozedura", Europako Herri Defentsariaren Idazkaritzako kidea den Katrin Mülleren eskutik; eta "Eskualdeetako herri defentsariek ikerkuntza prozedura nola erabiltzen duten", Emilia-Romañako Herri Defentsariaren Idazkaritzako kidea den Eloisa Cremaschiren eskutik.
Lehen egun honetako bigarren saioan, hitzaldi hauek aurkeztu ziren, "Herri Defentsarien Europar Sarea" izenburuarekin eta Burgi Volggerrek (Bolzanoko herri defentsariak) gidatuta: "Nortasun berria Herri Defentsarien Europar Sarearentzat" Europako herri defentsaria den P. Nikiforos Diamandourosen eskutik; "Eskualdeetako herri defentsarien artean loturak sortzen", Ingalaterrako tokiko herriaren defentsaria den Anne Seexen eskutik; eta "Herri Defentsarien Europar Sarearentzako kanpo sare berria", Europako Herriaren Defentsariaren Idazkaritzako kidea den Ben Hagarden eskutik.
Bigarren egunean, "Ingurumen arazoak eta eskualdeetako herri defentsarien papera" izenburuarekin, lehenengo saioa Vorarlbergeko herri defentsaria den Gabriele Strelek gidatu zuen. Saio honetan "Europako Ingurumen Zuzenbidearen azken aurrerapenak" izeneko hitzaldia eman zuen Karl Falkenbergek, Europako Batzordeko Ingurumeneko zuzendari nagusiak.
Bigarren egun honetako azken saioan, Vaud kantoiko herri defentsaria den Véronique Jobinek gidatua, hitzaldi hauek aurkeztu ziren: "Uraren kudeaketa", Walloniako herri defentsaria den Frédéric Bovessek eman zuena; "Uholdeen aurkako babesa; fruta-arbolen mozketa", Thuringiako herri defentsaria den Silvia Liebaugek emana; eta "Amiantoak sortutako arazoak", Síndic de Greuges de Catalunya-ko Rafael Ribók emana.
Mintegia amaitzeko, Tirolgo herri defentsaria den Josef Hauserrek hitz egin zuen. Europako herri defentsaria den P. Nikiforos Diamandourosek ere hitza hartu zuen, eta azaldu zuen Ombudsman erakunde guztien arteko lankidetza sendotu behar dela Herri Defentsarien Europar Sarearen barruan.
3.6. Arartekoaren eta Andaluziako herri defentsariaren artean "DEFENTSARITZAK SAREAN" izeneko programa garatzeko lankidetza hitzarmena
Arartekoaren erakundeak lankidetza hitzarmena sinatu zuen Andaluziako herri defentsa-erakundearekin. Hitzarmen horren arabera, bi erakundeek lankidetzako eta berrikuntzako zenbait proiektu garatzeko konpromisoa hartu dute. (ikusi txosten honetako VII.4 kapitulua).
Akordio hau herri defentsa-erakundeek XXIV. koordinazio jardunaldietan, 2009ko urrian Andaluzian eginak, ateratako ondorioetan oinarrituta egin zen. Bi erakundeek uste dute komenigarria dela beren funtzionamenduan komunikazioaren eta informazioaren teknologien erabilera sartzea. Horrela, gaitasun berriak eskuratu ahalko dituzte, e-administrazioaren eta demokrazia parte hartzailearen printzipioak bereganatu ahal izateko.
"Defentsa-erakundeak sarean" programaren helburua erakunde biek zerbitzuak ematerakoan duten eraginkortasuna hobetzea da, baita IKTen ezarpena eta garapena ere, gizartean presentzia eta hurbiltasuna lortzeko, eta herritarrentzat irisgarritasun handiagoa ahalbideratzeko.
3.7. Arartekoaren eta Buenos Aires Hiriko herri defentsariaren arteko lankidetza hitzarmena
Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioan (FIO) Iberoamerikako beste herrialde batzuetako defentsa-erakundeekin sortzen diren harremanen artean, harreman berezia sortu da Buenos Aires Hiriko herri defentsa-erakundearekin (Argentinar Errepublika), lankidetza hitzarmen batean gauzatu dena, umeen eta nerabeen artean informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien erabilera segurua sustatzeko asmoz, batez ere adingabekoen datu pertsonalen pribatutasunarekin eta babesarekin zerikusia duen guztian. Lankidetza hitzarmen hau dela bide, bi erakundeek jarduketak modu koordinatuan garatu nahi dituzte, baterako jardueren programa bat proposatu nahi dute eta jakintza eta esperientziak trukatzeko lankidetzan aritu nahi dute.
3.8. Arartekoaren, Andaluziako herri defentsariaren eta Asturias Printzerriko prokuradore nagusiaren arteko lankidetza hitzarmena
Arartekoak, Andaluziako herri defentsariak eta Asturias Printzerriko prokuradore nagusiak lankidetza hitzarmena sinatu zuten, gizartearekin harreman handiagoa eduki ahal izateko ekintza komunak garatzeko asmoz.
Herri defentsari horiek lan metodoak, tresna teknologikoak eta parte hartze esperientziak konpartitzeko konpromisoa hartu zuten, zerbitzuak ematean eraginkortasuna hobetzeko asmoarekin.
Zehazki, jakintza eta esperientziak trukatzeko, elkarri laguntzeko eta defentsariak herritarrengana hurbiltzeko beharrezkoak diren ekimenak garatzeko konpromisoak hartu zituzten. Zentzu horretan, herritarren eskubideak bultzatzeko baterako proiektuetan esperientzia konpartituak egin nahi dira, gizarte erakundeekin foroak egin nahi dira, haurren eta nerabeen eremuan lankidetza proiektuak egin nahi dira, eta herritarrek defentsa-erakundeekin ikus-entzunezko bitartekoen bidez zuzeneko harremana izan dezatela erraztu nahi da.